[ euskara ] [ castellano ]
Nortzuk Gara |  Alergia |  Elkartu gurekin |  Errezetak |  Berriak |  Dokumentoak |  Irudiak |  Estekak |  Berri taldea |  Harremana

elikalte, Elikaduragatiko Alergiadunen Euskal Elkartea, erakunde pribatua da, irabazi-asmorik gabea, elikaduragatiko alergia duten neska-mutilen gurasoek osatzen dutena.
Alergiadunen eta euren senideen bizi-kalitatea hobetzea du xede, elkartekideon baterako ahaleginen bidez.



ELIKALTEren historia laburra

Hasierako egitasmoa bi familiei otu zitzaien, uste baitzuten ahaleginak elkartzean bakarrik gaindi zitezkeela euren alaben gaixotasunagatik jasan behar izaten zituzten zailtasun personalak eta gizarte- zein erakunde-trabak.
Antzeko arazoak zituzten familiekin harremanak izatea arras onuragarria zela ikustean, elkarte bat eratzea erabaki zuten,
alergiadun pertsona guztien ahaleginak bateratzeko.
AVASAPAA-Asociación Vasca de Afectados por Alergias Alimentarias izenarekin eratu zen legez elkartea, 2001eko martxoaren 24an, eta urte berean, maiatzaren 7ko ebazpen baten bidez inskribatu zen Elkarte Erregistroan. 2003ko otsailaren 25ean egindako Batzar Nagusian erabaki zen beste izen bat jartzea, hots,
ELIKALTE, eta horrela geratu zen jasota Eusko Jaurlaritzako dagokion erregistroan, 2004ko maiatzaren 25etik aurrera.


Helburuak
  • Alergiadunei eta euren senideei prestakuntza, osasun-hezkuntza eta norbere zaintzako gaitasuna ematea.
  • Alergiadunen edota euren senideen artean elkartegintza sustatzea, elkartekideen interesak hobeto aldezteko: espezialista-kopurua handitzea, nutrizionistak zainketan inplikatzea, etab.
  • Alergiari buruzko berariazko ezagutza sustatzea, baita prebentzio- eta kontrol-baliabideak ere, unean uneko bide egokienen bitartez: egunkariak, aldizkariak, telebista, etab.
  • Alergiadunei laguntzea, baita alergikoen gurasoei eta senideei ere, esaterako, elikadurari, eskolatzeari eta abarrei buruzko argibideak ata aholkuak emanez.
  • Gaixotasunaren ondorioz sor daitezkeen gizarte-, familia- eta hezkuntza-arazoak konpontzen laguntzea.


Jarduerak
  1. Argitalpenak: batzuk, Immunitas Vera (Kataluniako elikaduragatiko alergiadunen eta latex-alergiadunen elkartea) elkartearekin elkarlanean.

  2. Elikagai Seguruen Txostena: enpresei galdetu eta idatzizko informazioa eskatu ondoren, txostena egin da, alergenorik edo arrastorik dagoen zehaztu den elikagai edo janariak jasotzen dituena.
    • Hilean behingo buletinak: txostenean jasotako argibideen eguneratzeak; berri-taldeetan parte hartzea; familiek gai interesgarriei buruz bidaltzen dituzten informazioak; errezetak; web orriak...
    • Udako eta Gabonetako buletin bereziak: urtaro bakoitzeko berariazko produktuei buruzko argibideak (izotzak eta Gabonetako goxoak) eta alergien araberako ordezko errezetak.
    • Errezeta-liburua: ordezko errezetak eta trikimailuak, ohiko produktuak, esaterako, esnea eta arrautza, ordezkatzeko.
    • Informazio-triptikoak

  3. Hitzaldiak:
    • Psikologia. Familien zalantzei erantzun nahi zaie, hala nola, nola hezi neska edo mutila; norbere zaintza sustatu nahi du eta erasanak eragiten duen “larritasuna”ri aurre egin.
      Elkartekide nagusiek, berriz, bestelako arazoak dituzte: gizarte-harremanak, nork bere burua onartzea... Arazo hauetaz ere ari gara lan-taldeotan.
    • Eskolatzea: Nola lortu ahalik eta eskolatze seguruen eta inklusiboen.
    • Nutrizioa

  4. Alergiadunen arteko elkarraldiak:
    • Alergiak, aukeratzeko irizpide dituzten bilerak. Aldian-aldian, berariazko alergiadunen senideak biltzen dira, esperientziak zein argibideak elkarri jakinarazteko, ahal den era pertsonalen eta zehatzen.
    • Elkartekide berrien bilerak: aldian-aldian, elkartekide berriak hartzeko bilerak egiten dira, zalantzak argitzeko eta elkartekideekin harremanetan jartzeko, norberak erasanaz duen ikuskera zabal dezan.

  5. Berri-taldea: Immunitas Verarekin (Kataluniako elikaduragatiko alergiadunen eta latex-alergiadunen elkartea) batera, berri-taldea dugu Interneten: informazio eguneratua, estekak, argitalpenak, kontsultak eta berriketa.

  6. Alergiadunen garapen-eremuetan legeak egin eta eragina izan dezateken erakundeekiko harremanak:
    • Eusko Jaurlaritza: Hezkuntza Saila, Osasun Saila...
    • Ospitaleak

  7. Alergiadunen elkarteen Federazioa eratzeko dihardugu lanean, gure eskakizunak estutuz gaindiko erakundeetan aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren diru-laguntzaz egindako web orria | lege oharra