Gaixo alergikoek sarriago jasaten dituzte loaren desorekak


“Assistance Publique Hôpitaux de Paris”-eko (Frantzia) Damien Léger doktoreak zuzentzen duen ikerketa taldeak “Archives of Internal Medicine” aldizkarian ezagutzera ematen duen arabera, errinitis alergikoa, belar onduaren sukarrak eragiten duenaren bezalakoa, eta beste zenbait alergia dauzkaten gaixoek loak hartzeko arazo gehiago dituzte, eta alergiarik ez duten pertsonen alboan  desoreka gehiago jasaten dituzte.  Biztanleriaren %20ak eta %50ak bitartean errinitis alergikoa pairatzen du. Ikertzaileek errinitis alergikoa eta loaren arteko erlazioa ikertu zuten 591 errinitis gaixoetan, eta zonalde berean bizi ziren adin eta sexu bereko 502 pertsonekin bikoteak egin zituzten eta kontrol bezala aztertu zituzten.

Ikerketa honek ezagutzera eman zuen loaren desoreka guztiak, hau da, insomnioa/loezina, gauerdian esnatzea, zurrunga egitea eta goizeko neke-sentsazioa errinitis alergikoa zuten gaixoetan ohikoagoak zirela. Bestalde, gaixo hauek ordu gutxiago egiten zituzten lo eta loak hartzeko denbora gehiago behar zuten. Baita ere, egunean zehar logaleago izateko joera zuten.

Errinitisa alergikoa moderatua edo larria zen kasuetan nabariagoak ziren gaixotasunaren ondorioak loan. Alergiak okerrera egiten zuenean gaixoek ordu gutxiago egiten zituzten lo gauez, sarriago ziren logale egunez, loak hartzeko denbora gehiago behar zuten eta botika lasaigarri kopuru handiagoak behar zituzten.

Ikerketaren egileek diotenez, espezialistek errinitis alergikoa pairatzen duten gaixoen lo-azturak kontrolatu beharko lituzkete, kontrol honek lo-desoreken antzemate eta tratamendu goiztiarra eragin baitezake.

Archives of Internal Medicine 2006;166:1744