Farmazialarien Elkargoak alergikoei nork bere kabuz sendagairik ez hartzea gomendatzen die.

Farmazialarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiko departamentu teknikoko buru den Santiago Cuellar-ek esan duen bezala “nork bere kabuz sendagaiak hartzeko joera daukate” alergiak jasaten dituzten pazienteek, eta joera honek zenbait arrisku dakartzala ere ohartarazi du, “beste tratamenduekin izan daitezkeen elkarreraginak” direla eta.

Europa Press Telebistan egindako adierazpenetan esan zuen bezala alergenoa identifikatu eta tratamendua jaso duten pertsonek aurretiko diagnostiko bat daukate. Hala ere, sintomak berragertzen direnean medikura bueltatu beharko lirateke honek “diagnostikoa berretsi, aldatu edo ordezkatu” dezan.

Gomendio hau justifikatua dago; arazo alergikoek daukaten eragina eta hauek jasaten dituzten populazio kopurua gero eta handiagoak dira eta sintomak eta intentsitatea ez dira beti berdinak.

Hala eta guztiz ere, sintomak arinak diren kasuetan farmazialariak berak eman ahal dizkio pazienteari bai merkatuan dauden antihistaminiko familia ugarietariko bat, baita area espezifikoetarako sudur-esprai edo begietarako kolirioren bat ere.

“Sintomak urriak badira farmazian bertan topa dezakegu irtenbidea, baina sintomak latzagoak diren kasu larriagoetan medikuarengana jo behar da, honek beharrezkoak diren frogak burutu ondoren medikamendu egokiak dosi egokian ezarri ditzan”, esan zuen.

Kasu larri hauetako tratamenduek medikazio gehiago behar izaten dute eta honek “kontrol gehigarriak” ditu berekin, kortikoesteroideak kasu, zeintzuk modu egokian administratzen ez badira osasunarentzako arriskutsuak izan daitezke.  Baina Cuellar-ek azpimarratu zuen, orokorrean alergien tratamenduan erabiltzen diren medikamenduak “oso ziurrak” direla.

BIZTANLERIAREN %25ak ERABILTZEN DITU

Gaur egun Espainiako biztanleriaren %20 eta %25ak bitartean, sasoika gutxienez, merkatuan dauden alergiak tratatzeko sendagaiak erabiltzen dituztela uste da.

Cuellar-ek “sintomak pazientearentzat arazo bat diren guztietan” nork bere kabuz sendagaiak hartu baino lehen medikuarengana joatea gomendatu zien guztiei, kasu arinenak farmazialariari galdetuz “ongi” ebatziak izan daitezkeen bitartean.

Era berean, beste tratamendu guztiekin gertatzen den bezala behin medikamendua irekiz gero hau urte batetik bestera gordetzea komeni ez dela gogorarazi zuen, etxeetan ez baita hauen kontserbazioa bermatzen eta botikaren “degradazioa” eta “arriskutsuak izan daitezkeen erreakzioak” gertatu daitezke eta.

Azkenik, udaberriko alergiak eguraldi ona dela eta aurreratuko direla dirudienez, pazienteek zenbait neurri prebentibo hartu ditzaketela oroitarazi zuen, hauen artean leihoak itxita mantentzea, eskuilaren ordez xurgagailua erabiltzea eta moketak eta lorategi eta berdegunetatik paseatzea saihestea.