Dermatitis atopikoak gutxi gorabehera haurren ehuneko 18ari erasaten dio.

Alergologiaren eta Inmunologiaren Amerikako Akademiak dermatitis atopikoa sendatzeko tratamendu egokia sintomak arintzean eta larruazaleko hanturak arintzean datzala nabarmendu du.
Dermatitis atopikoak gutxi gorabehera Espainiako haurren ehuneko 18ari erasaten dio. Azken 30 urteetan prebalentziak gora egin duela ikus dezakegu. Hainbat ikerketek erakutsi dute,adibidez, Estatu Batuetan patologiak ehuneko 7tik 17,2ra gora egin duela haurrengan. Mendebaldeko herrialdeetan koadroa prebalenteagoa da. Horrela, Espainian eta Norvegian zifrak ehuneko 18 eta 19 artekoak dira. Tanzanian, berriz, ehuneko 0,7koak izango lirateke. Danimarkan, bigarren hezkuntzako lehen kurtsoko haurrekin ikerketa bat egin zen. Ikerketa horren emaitzek ikasleen bostenak noizbait dermatitis atopikoa  izan zutela erakutsi zuten. Izan ere, egoera nahiko antzekoa da inguruko herrialdeetan. Ingurumen faktoreak oinarrizkoak dira kasu honetan. Gainera, paziente gehienek beraiek edo euren familiakoren batek asma, belar onduaren sukarra edo ekzema izan dute, eta horrek bereziki zaurgarri bihurtzen ditu. “Orokorrean, lehen seinalea 5,5 hilabete inguruan agertu ohi da”. Garai honetan zailtzen da pronostikoa.  Izan ere, badakigu  "eritasuna bizitzako lehen 6 hilabeteetan hasten bada, jaioberrietan garatzen bada edo pazienteak aire-bideetako alergia historia badu, pronostikoa okerragoa dela eta eboluzio zabalagoa izango duela”, adierazi zuen Tribó doktoreak, Bartzelonako Hospital del Mar-eko dermatologoak. Diagnostikoa egiteko adierazle espezifikorik ez dagoen arren, pazientearen historiaren bidez detekta daiteke, eta batez ere, eritasunaren seinaleen bidez. Pazienteen azalak itxura lehorra, latza eta ezkatatsua izan ohi du, eta sarritan handitu egiten da, gorri eta edematoso bihurtu eta, gainera, hazkura sortzen du. Patologia honek agerraldiak izaten ditu, eta hasiera eta zein mailara helduko den oso lotuta daude kanpoko baldintzekin (giroaren lehortasuna, alergenoak, ehunak, animaliak, eta abar) eta norberaren baldintzekin, hala nola, estresarekin. Alergologiaren eta Inmunologiaren Amerikako Akademiak dermatitis atopikoa sendatzeko tratamendu egokia sintomak arintzean eta larruazaleko hanturak arintzean datzala nabarmendu du. Hori lortzeko, beharrezkoa da pazientearen azala oso ondo hidratatzea, “bainurako teknika egokien bidez eta hezetzaileak sarritan erabiliz. Era horretan lehortasuna murriztuko da eta epidermis barrera berriz osatzen lagunduko dugu", azaldu zuen Tribó doktoreak.

 Iturria: AZPrensa,  V Urtea 1687 zk.